Garapenari buruzko pentsamendu kritikoa garapenaren «barnetik» zein garapenari «aurre eginez» ematen da. Lehenengo kasuan garapena bazterketaren, ezberdintasunaren eta iraunkortasunaren arazoen konponbidetzat hartzen da. Hortik hasita, egungo garapen-proposamenen eraginkortasuna aztertzen da. Bigarren kasuan, aldiz, garapenaren logikan inplizituki onartzen diren oinarri kolonial eta ekonomizistak kritikatzen dira, egungo arazoak konpondu baino areagotu egin dituztelako. Garapenaren inguruan hausnartzearen bokazio praktikoa dela eta, bi jarrera horien erronka bera da: ekintza benetan eraldatzaileetara igarotzeko gaitasuna izatea, berdintasuna, iraunkortasuna eta generoa aintzat hartuz. «Garapenari buruzko pentsamendu kritikoak» ildoak garapenaren «barnetik» zein garapenari «aurre eginez» hausnartzera gonbidatzen gaitu, teoria eraldaketa praktiko bihurtzeko gaitasun horren inguruan. Hots, eraldaketarako tresnak al dira Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH)? Nolakoa da eraldaketa? Edo gaur egungo munduari forma eman dioten logiken barnean eztabaida eta praktika mantentzeko esparru mugatua dira? Ba al dute Ondo Bizitzeak eta deshazkundeak eraginkorra, sendoa eta iraunkorra den eraldaketa gauzatzeko gaitasuna, kapitalismoaren logiken aurrean? Ba al dago dekoloniala eta iraunkorra den garapena pentsatzerik eta ezartzerik?
Ildo honek garapenaren nazioarteko agendaren eraketarekin, garapenarekin, jarraipenarekin eta ebaluazioarekin lotutako gaiak jorratzen ditu, baita haren oinarri diren printzipio teoriko eta politikoak, potentzialtasuna eta mugak, parte hartzen duten aktoreak eta ezarritako politika publikoen koherentzia ere. Esparru horretan, posible izango da Milurteko Garapenerako Helburuen, laguntzaren eraginkortasunerako agendaren, garapena finantzatzeko agendaren edo garapenarako bestelako edozein agendaren garapenaren eta emaitzen inguruko analisiak sartzea, baita egungo garapen iraunkorraren agendaren eraketarekin eta jarraipenarekin lotutako ikerketak ere.
Ildo honek garapenerako lankidetza nazioarteko harremanen eta gobernantza globalaren ikuspegitik aztertzea du helburu. Horretarako, lehendabizi, nazioarteko harremanen diziplinaren barnean ikasketa arlo gisa sartzea interesatzen zaigu eta, gero, arlo horretako eguneroko ezarpena bai nazioarteko (aldebiko eta alde anitzeko) politiken bidez bai gobernantza globaleko praktiken bidez ere.
Hori dela eta, interesgarria deritzogu lan zientifiko teoriko zein enpirikoak, garapenerako lankidetza nazioarteko ikuspegitik lantzen eta honako gai hauekin lotura dutenak: nazioarteko harremanen teoria; garapenerako nazioarteko lankidetza sistema, hala nola Estatuen eta nazioarteko erakundeen kanpo politikoak (aktoreak, politikak, zilegitasunaren eta eraginkortasunaren inguruko kezkak, etab.); adostasun, lankidetza eta eskualdeko integrazio prozesuak; giza eskubideen nazioarteko erregimena; gatazka armatuaren eta gatazka armatuaren ondorenaren testuinguruak; etab.
Ildo honetan, garapenerako ekonomiaren alorrean kokatzen diren ikerketek izango dute lekua, ikuspuntu makro zein mikroekonomikotik garapenean dauden herrialdeek aurre egiten dieten arazo sozioekonomikoak aztertzen dituen diziplina izanik. Barne hartuko dira, beraz, herrialde desberdinen arteko zein hauen baitako pobreziaren, azpigarapenaren eta desparekotasunaren arrazoien inguruko azterlanak.
Honako gaiak aztertzen dituzten lanak biltzen ditu ildo honek: (i) nazioarteko lankidetza-sisteman esku hartzen duten eragileen zeregina, baita emaile mota desberdinak ere (erakunde multilateralak, estatuko agentzia publikoak eta estatupekok, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE), gizarte mugimenduak, enpresak), herrialde hartzaileak eta erakunde arautzaileak; (ii) lankidetzarako mekanismo, tresna eta ikuspegi berriak; (iii) finantzaketa iturriak eta horien berrikuntzak; (iv) ohiko lankidetzarekiko ikuspegi kritikoak; eta (v) lankidetza-sistema tradizionalari ikuspegi alternatiboak ematea, hala nola Hego-Hego, Hego-Iparralde eta triangelu lankidetzak. Era berean, lankidetza-sistemaren logika bera eta egungo sistema berbera, nazioarteko ekonomia politikoaren beste epistemologia errealista eta konstruktibista batzuetatik, zalantzan jartzen dituzten ekarpenak egiteko aukera ematen du ildoak.
Ildo honetan sartzen dira biztanleen edo eremu geografiko bateko bizi baldintzak hobetzeko politika publikoak edo ekintza pribatuak eraikitzea eta/edo ebaluatzea lortu nahi duten komunikazio guztiak, hondamendi naturalen aurrean zaurgarritasuna gutxitzeko gizarte babesean aurrera eginez eta familien diru sarrerak murriztea eragiten duten zoritxarreko abagune ekonomikoei aurre eginez. Nahiz eta, neurri batean, muturreko pobrezia murriztu den, oraindik ere ur edangarria, saneamendua, hezkuntza eta osasuna bezalako oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituzten ekintzak beharrezkoak dira. Gainera, bizitza osoan zehar eta gaixo edo langabezian egondako aldietan diru sarrera nahikoa izatea bermatzen duten gizarte babeserako mekanismoak garatzea funtsezkoa da. Politikak eraiki eta diseinatzeko ardatzak, proposatutako neurriak, esperientzia- eta praktika-trukeak zein lortutako emaitzen azalpenak ildo honetako komunikazio xede izan daitezke.
Ildo honen heburua da giza garapenaren zerbitzura zientziatik, teknologiatik eta berrikuntzatik hasita abian jarritako ingurumen- eta gizarte-erronkei aurre egitea helburu duten politika, programa, proiektu eta ekimenen aurkezpena edo azterketa.
Ildo honek landa garapenaren dimentsio desberdinekin (ekonomikoa, soziala, instituzionala, kulturala, generoarena, ingurumenekoa), biztanleriarekin eta lurraldearekin lotutako ekarpenak biltzen ditu. Adibide moduan, honakoak izango dira gai batzuk: globalizazioa eta landa lurraldeak, landa garapen iraunkorra, landa garapen komunitarioa, nekazaritzako elikagaien sistemak eta garapena, lurra edukitzeak/pilatzeak eragindako arazoak, biztanleria dinamikak eta landa eta hiri lurraldeen sinergiak, besteak beste.
Munduan badira oraindik gatazka armatuak eta bortizkeria gordineko agertokiak, eta milioika lagunek jasaten dituzte horien ondorio larriak. Gatazka bortitzek giza eskubideen urraketa larriak eragiten dituzte, baita epe luzeko krisi humanitarioak ere, zeinetan natura hondamendiek, aldaketa klimatikoak eta enpresa transnazionalen proiektu erraldoiek ere eragina duten. Nazioarteko mailan, bakearen lorpena Nazio Batuek bultzatutako Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ardatzetako bat da. Maila lokalean, bortizkeriak jotako biztanle eta komunitateek bizirik irauteko borrokatzen dute eta erresistentziazko eta bakerako estrategia kolektiboak garatzen dituzte maiz. Bake inklusiboa lortzeko erronkak itzelak dira, gatazka armatuen definizioak –eta batik bat horien arrazoiak– eta baita bakearen eta bakea eraikitzearen nozioak eztabaidan daudelako oraindik, bai diskurtsoan bai praktikan, jatorri ezberdinetako interes ekonomiko eta politikoak nahastuz. Horregatik, diziplina eta jarduera anitzeko ikertzaile eta profesionalak (unibertsitateak, ikerketa eta/edo formakuntza zentroak, hirugarren sektoreko erakundeak, gizarte mugimenduak, erakundeetako teknikariak…) egindako ikerketen emaitzak edo abian dituzten aurrerapenak aurkeztera gonbidatzen ditugu, honako gai hauen inguruan azterketa kritikoak azalduz: gatazka bortitzak, bake eraikuntza, justizia trantsizionala, giza segurtasuna, erresistentzia zibila eta ekintza humanitarioa.
Ildo honek landuko ditu biztanleriaren desplazamendu mota desberdinak –barnekoak zein kanpokoak– eta hainbat kausa dituen –borondatezkoak edo ez– eta garapenarekin lotura estua duen –bai jatorrizko herrialdeetan bai harrera-herrialdeetan– prozesu korapilatsu horri lotutako arazoak. Intereseko gaien artean, aipagarriak dira, besteak beste: desplazamenduen arrazoiak, jatorrian eta helmugan ematen den eragin sozioekonomikoa eta kulturala, diasporen antolaketa eta jarduera, migrazio politika publikoak, immigrazioarekiko gizarte jarrerak eta estereotipoak, etorkinen integrazioa, krisi humanitarioak eta nahitaezko migrazioak, migrazioak eta generoa, gizakien salerosketa eta trafikoa, babesa eta asilo-eskubidea ezartzeko joerak, etab.
Ildo honek garapenaren inguruko ikasketak ikuspuntu feministatik eta genero ikuspuntutik lantzen dituzten ikerketak bildu nahi ditu, «mundu osoan emakume eta neskatoen aurkako diskriminazio modu guztiekin amaitzeko» helburuarekin bat etorriz (GJH 5.1). Hainbat eremutan (enplegua eta ugalketa eta sexu osasunaren, baliabide ekonomikoen eta eskualde guztietako lidergo-postuen lorbide unibertsala) dauden desberdintasunak eta nazioarteko mailan zein bestelako testuinguruetan (lanean, hezkuntzan, familian, etab.) neskatoen eta emakumeen aurkako indarkeria iraunkorra, sexu-esplotaziorako salerosketa barne, ardurazko gaiak dira 2030 Agendan eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH 5), baita biltzarreko ildo honetan ere.
Interesgarriak dira, ikuspegi metodologiko askotarikoak erabiliz, genero desberdintasunaren panorama globala eta/edo tokikoa eskaintzeaz gain, ebidentzietan oinarritutako irtenbideak proposatzen dituzten lan zientifikoak. Ildoaren baitako ekarpenen globaltasunak emakumeek nazioartean dituzten aukera eta errealitate desberdinak islatuko ditu, kontuan hartuz kultura, etnia, sozioekonomia, erlijio eta familia arloetan, besteak beste, duten aniztasuna.
Komunikazioek gizarte zibilaren paperaren inguruan sakon dezakete. Gizarte zibilaren maila ezberdinetako adierazpenek (tokikoa, estatu mailakoa zein transnazionala) egitura, dinamika eta aktore sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalekin dituzten interakzioak aztertzea bereziki interesgarria da. Zentzu horretan nabarmendu daitezke politika publikoen eratze, abiarazte eta kontrol prozesuetan gizarte zibilaren jokaeraren eta parte hartzearen analisia; foroetan eta erabaki esparruetan, batez ere nazioarteko gobernantzaren eremuetan eta 2030 Agendan, izan dezakeen eragiteko indarraren eta eragin politikoaren (advocacy) ikerketa; sare sozialen eta komunikaziorako eta informaziorako teknologien bitartez izan dezakeen eraldaketaren eta interakzioaren ikerketa; eta garapenaren nozioa eta praktika kritikoki zabaldu edo zalantzan jar dezakeen ezagutza sortzeko parte hartzea, bai praktiken bidez bai narratibak eta diskurtsoak eraikiz edo agenda publikoa finkatzeko bultzatutako ekintzen bidez.
Ildo tematiko honen asmoa da edozein esparru akademikotik hiritartasun kritikoa eraikitzeko laguntzei buruzko ideak biltzeko, eztabaidatzeko eta trukatzeko foroa izatea. Hezkuntzaren eta gizarte aldaketaren arteko hizketa jorratzen duten ikerketak eta esperientziak jasotzea du helburu. Betiere, hezkuntza zuzenagoak, bidezkoagoak eta jasangarriagoak diren gizarte ereduetara igarotzea ahalbidetzen duten ekintzak abian jartzeko subjektu kritiko eraldatzaileen gaitasunak indartzeko ekimen pedagogikoa dela ulertuz –eremu formal, ez formal eta informaletan–. Ikuspuntu horretatik, giza garapenaren eta GJHen alorrean kokatzen diren marko teorikoak eta praktikak bilduko dira, baita horien mugak zalantzan jarri eta ekarpen dekolonialen, feministen eta ekosozialen ingurura zabaltzen dituztenak ere.
Garapen eredu hegemonikoak, zeinaren oinarrian hazkunde ekonomiko etengabearen helburua dagoen, talka egiten du bete-betean planetaren iraunkortasun ekologikoarekin. Egungo krisi ekologiko globalaren laztasuna gero eta nabarmenagoa da, zenbait muga ekologiko gainditzerainokoa, horien artean klima-aldaketarena kezkagarriena izanik ziur asko. Bai politika publikoek bai nazioarteko itunek orain arte azaldu duten eraginkortasun ezak iradokitzen du afera ekologikoa agenda politikoaren baitan birplanteatzea, baita erabaki publikoak hartzerakoan ere. Era berean, mugimendu sozialek eta gizarte zibilaren eragileek bidezko irtenbideak, bideragarriak eta demokratikoak aldarrikatzen dituzte gatazka sozioekologikoen alorrean, zeinak sarri Ipar-Hego dialektikaren testuinguruan sortzen diren. Deshazkundea eta Ondo Bizitzea bezalako paradigmek ere iraunkortasunaren eta trantsizio sozioekologikoaren arazoak jorratzen dituzte, besteak beste. Hortaz, ildo honek hausnarketa testuinguru zabala landuko du; baliabide materialen, energetikoen edo ingurumenari egindako eraginen analisitik hasi eta iraunkortasunaren eta garapenaren inguruko erronketaraino, bai maila globalean bai eskualdekoan eta/edo tokikoan.
Ekonomia sozial eta solidarioa gero eta nabarmenagoa da Garapen Jasangarrirako Helburuek markatutako «garapen agenda berriaren» testuinguruan. Estatuaren, sektore pribatuaren eta gizarte zibilaren arteko garapenerako lankidetza zabalaren aldeko apustuak sektore pribatuaren potentzialari dei egiten dio berezko dituen baliabideak eta logikak mobilizatzearen ondoriozko palanka-efektuak sortzeko. Argumentazio hori legitimatzen duen narratibaren zati handi batek gizarte ekintzailetzari eta gizarte enpresei buruzko eztabaidekin, negozio eredu inklusiboekin (piramidearen oinarrian) eta enpresaren gizarte erantzukizunaren bertsio berri batekin, «balio partekatua» deiturikoa sortzean oinarritzen denarekin, lotutako kontzeptuak erabiltzen ditu. Testuinguru horretan, eta ESSk «enpresa egiteko beste modu bat» ez ezik, «beste ekonomia» bat eraikitzeko bidean aurrera egitea planteatzen duen heinean, honako eztabaida hauetan ea ESSk zer eginkizun nabarmen izan dezakeen galdetu behar da: Izaera eraldatzailea duten zer kategoria analitiko eta metodologiko eskaini ditzake ESSk? Zer rol joka dezakete ESSko erakundeek testuinguru horretan? ESSren berezko antolaketa-logikek zenbateraino lagun dezakete bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen agenda eraldatzailean? Garapenerako lankidetzarako zer alderdi bereizgarri planteatzen dituzte lankidetza (eta enpresa lankidetza) beren logikaren zati nagusitzat duten erakundeek? Pentsa al daiteke garapenerako enpresa-agenda ESSren ikuspegitik? Ekonomia eta empresa arloan esku hartzeko zer negozio eredu eta estrategia dira koherenteak agenda eraldatzaile batekin? Eta eskalagarritasunaren eta hazkundearen zer logika dira bateragarriak agenda horrekin?